Web edukia bistaratu

Mailak eta Hizkuntza-eskakizunak

Gaur egun Europan, edozein hizkuntza ikasterakoan, terminologia bateratua erabiltzeko, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko* mailak erabiltzen dira.  A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. 

Maila bakoitza gainditzeko gutxieneko irakastorduez gain, bakarlanean eta hizkuntzaren erabilera askean emandako orduak aurreikusten dira.

 

Dauden mailak, hizkuntzen Europako erreferentzi marko bateratuaren arabera.

Oinarrizko Erabiltzailea (A1 + A2)

Oinarrizko lerrunaren xedea da ikasleak eguneroko gaiei buruzko euskarazko testu laburrak ulertzea, eta ahoz zein idatziz euskara elkarreraginean erabiltzea, labur eta sinple, baina egoki eta eraginkor.

A1

Maila hau burutzean ikaslea gai izango da eguneroko harremanetan eta aurrez aurreko testuinguru ezagunetan beharrezkoak diren hitzak eta esapide sinpleak ulertzeko eta erabiltzeko, eta gainera,  berehalako premiei lotutako galderak (bere buruaren eta besteren aurkezpena, eta helbideari, gauzei eta ezagutzen duen jendeari eta gauzei buruzko oinarrizko informazioa) egiten zaizkionean erantzuna emateko ere bai.

A2

Maila hau burutzean ikaslea gai izango da egoera ezagunetan kideekin (lagun, senide, lankide, etab.) aurrez aurreko elkarreraginean gauzen eta pertsonen deskribapenak eta azalpen errazak egiteko eta ulertzeko, baldin eta,  bere esperientziako gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena bada: bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, eta erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarri buruzko informazioa.

Erabiltzaile independentea (B1 + B2)

Lerrun aurreratuaren xedea da ikasleak ohiko testuinguru, gai eta egoera ezagunetan instrukzioak, kontaketa laburrak eta azalpen-testuak ulertzea. Era berean xede izango da, ikasleak, elkarreraginean, euskaraz informazioa jaso nahiz ekoiztu dezala, alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziz; halaber, deskribapenak egin ditzala, eta azalpenak eta iritziak eraginkortasunez eman ditzala.

B1

Maila hau burutzean ikaslea gai izango da eguneroko testuinguru ezagunetan eta maila bereko solaskideekin elkarrizketak izateko, gai orokorra eta ohikoa izan eta xedea informazioa trukatzea denean.  Era berean, gai izango da lagunei, senideei eta ikaskideei edo lankideei instrukzioak emateko, pertsonak eta objektuak labur deskribatzeko eta gertaeren kontaketa laburrak egiteko. Gai izango da, baita ere, bere iritziak labur-labur emateko eta bere asmoak azaltzeko.

B2

Maila hau burutzean ikaslea gai izango da egoki ulertzeko aurrez aurre duen solaskideak zein komunikabideetako esatariak, gai orokor nahiz abstraktuei buruz, egiten dituen testu gehienak, eta ongi bereiziko ditu ideia nagusiak eta bigarren mailakoak.  Gai izango da lagun eta lankideekin, baita euskaldunekin ere, ohiko elkarreraginean jariotasunez aritzeko; hala gaitasun hauek izango ditu: besteak jakinaren gainean jartzekoa, iritzia eskatzekoa, bere ikuspegia defendatzekoa … eta adierazpen argiak egitekoa. Eman nahi duen informazioaren alderdi esanguratsuak eta xehetasunak bereiziko ditu.

 

Erabiltzaile aditua (C1 + C2)

Adituaren lerrunaren xedea da eremu profesional, publiko zein pertsonalean, ikasleak era guztietako informazioa euskaraz trukatzeko gai izatea era landu eta jantzian, ahoz zein idatziz, edozein delarik gaia, solaskidearen jarrera, edota euren arteko harreman-maila; hartarako hizkuntza-adierazleak estrategikoki erabiliko ditu eta hizkeraren maila denotatiboa zein konnotatiboa bereiziko ditu.

C1

Maila hau burutzean ikaslea gai izango da lagunarteko, lan-esparruko eta komunikabideetako edozein testu (elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak) ulertzeko; baita inguruko herri-hizkeran sortutakoak ere.   Eta gai izango da, era berean, lagunarteko elkarreraginean eta lan-esparruan ideiak eta iritziak jariotasunez eta eraginkortasunez adierazteko, ideia osagarriak eskainiz eta adibideak jarriz. Gai izango da ongi egituratutako eta osatutako testu argiak eta zehatzak idazteko, eta hartarako ideia nagusiak eta osagarriak bereiziko ditu, oro har, eta xedea lortzeko hizkuntza adierazle egokiak aukeratuko ditu.  

C2

Maila hau burutzean ikaslea gai izango da norbere espezialitateko nahiz gai orokorretako testuak ulertzeko, eta egoerari egokituz, zuzen eta zehatz, arrakastaz ekoizteko, bai lan esparruan eta bai komunikabideetan.  Gai izango da, jariotasun handiz eta zehaztasunez, gauzak adierazteko, baita konplexutasun handiko egoeretan esanahiaren ñabardura txikiak bereizteko ere.

Maila honetan matrikulatu ahal izateko, C1 mailaren agiria edo baliokidea aurkeztu beharko du ikaslegaiak.